Medicus Mundik, Médicos del Mundok eta Prosalus-ek EAEko Lankidetzari buruzko Legea ez dela betetzen salatu dute Eusko Legebiltzarrean eta zerga-arintze handiagoa eskatu dute
Asteazkena,27 apirila 2016Osasungintzan espezializaturiko GGKE medicusmundi, Munduko Medikuak eta Prosalus elkarteek joan den astean berriz ere egin zioten Eusko Legebiltzarrari historikoa den eskaera bat: EAEko Lankidetzari buruzko Legea betetzeko, lege horretan Euskadiko BPGaren % 0,7 garapenerako lankidetzara zuzentzea ezarrita dago eta.
2015eko “Osasuna garapenerako lankidetzan eta ekintza humanitarioan” txostenaren aurkezpenean, hiru elkarteek argi utzi zuten Eusko Jaurlaritzak ez duela lege hori beteko beste urte batean, 2016an, eta 2012ko zenbatekoetara ere ez dela itzuliko, % 0,7ra iritsi aurreko pauso gisa, Legebitzar-batzordean hitzeman zen bezala.
Hain zuzen ere, EAEko aurrekontuetan urte honetarako ezarritako Garapenerako Laguntza Ofizialak (GLO) 43.026.830 euroko zenbatekoa du; hori % 0,39 da, ozta-ozta 2015ean baino bi hamarren gehiago, eta % 0,7tik oso urrun dago, betiere. Gobernuz kanpoko hiru elkarteek azaldu zutenez, inbertsio-ehuneko txikiei eusteko joera hori erakunde guztietan ari da gertatzen, Vitoria-Gasteizko Udalean izan ezik bakar-bakarrik; izan ere, udal horrek 2016an ehuneko hori bere gain hartu eta, are gehiago, gainditu egingo du, % 0,98ra iristeraino. Estatuan ere, datu berriagorik ezean, ikusten da GLO murrizketa handiak jasaten ari dela, eta nazio-errenta gordinaren % 0,14ra iritsi dela 2014an. Hori ehuneko txikiena da 1989az geroztik.